26_09

Zirilo eta Metodio

Otsailaren 14

BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea

BURU ZERA, KRISTO

Buru zera, Kristo, / artzainen Errege:
herriak osoan, / festa-giro argiz,
zure apaizaren / aintza du kantagai
eresietan.

Zure Espirituaz / krisma ugaritan
barne igurtzia / emanez, Zuk duzu
egin Elizako / gudari ta buru
zure herrian. 

Artzain zuen eta / neurri artaldeak,
itsuak argi ta / lagun behartsuak,
aita zuten denek, / eta denek hura
berena zuten. 

Haren lana sariz / ordaintzen duzuna,
haren jarraitzaile / egin gaitzazula;
eta gero eman / haren ikasleoi
zure zerua. 

 
Salmoak

1 Ant. Ebanjelioaren zerbitzari egina izan naz ni, Jainkoak emon deustan graziaz.

14 Salmoa

Jauna, nor dagoke zure txabolan?
      Nor bizi daiteke
      zure mendi santuan? 

      Akatsik barik eta zintzo dabilana,
      bere artean egia dinoana;
      mihinez inor bezten ez dauana,
      hurkoari txarrik egiten ez deutsona,
      auzokoa lotsagarri izten ez dauana;

gaiztoari esker txarra emoten deutsona,
      Jainko-bildur dana
      ospatzen dauana;
      bere kaltetan zin eginik ere
      aldatzen ez dana,
      dirua irabazitan emoten ez dauana,
      erru bakoaren aurka
      eskupekorik hartzen ez dauana.

Honeek egiten dituana,
      ez da kolokatuko sekulan.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Ebanjelioaren zerbitzari egina izan naz ni, Jainkoak emon deustan graziaz.

 

2 Ant. Morroi zintzo eta zentzunduna, nagusiak bere morroien buru ipini dauana.

111 Salmoa

Dohatsu, Jaunaren bildur dan gizona,
      Haren aginduak oso maite dituana.
      Ahaltsu izango da lurrean haren hazia,
      zintzoen ondorengoa onetsia.

Haren etxean onak eta ondasunak,
      beti iraungo dau haren zabaltasunak.
      Zintzoentzat ilunpetan argia lez sortzen da:
      onbera da, errukitsua ta zuzena.

Zorionekoa, errukitu eta emon
      egiten dauan gizona,
      bere gauzak
      zuzen atontzen dituana.
      Ez da koloka ibiliko behin ere,
      haretaz gogoratzeak iraungo dau beti ere.

Barri txarrak ez dau bildurtzen,
      bizkor dau bihotza
      Jaunagan itxaroten.
      Sendo dauka bihotza, bildurrik barik,
      bere etsaiak lotsaz ikusi arte.

Zabaltzen deutse eta emoten behartsuei,
      beti irautekoa da
      haren esku-zabala,
      ospez jagiko da haren ahalmena.

Hau ikusiz gaiztoa sumindu egingo da,
      haginen karraskaz agortuko,
      gaiztoen guraria ez da jazoko.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Morroi zintzo eta zentzunduna, nagusiak bere morroien buru ipini dauana.
 

3 Ant. Nire ardiek entzungo dabe nire abotsa, eta artalde bakarra izango da, eta artzain bakarra.

           Kantika:   Apk 15, 3-4

Jauna, Jainko ahalguztiduna,
      Handiak eta harrigarriak dira
      Zuk eginak!
      Atzerrien errege,
      zuzenak eta egiazkoak
      zure bideak!

Nor ez da izango zure bildur, Jauna?
      Nork ez dau goretsiko zure izena?
      Zeu baino ez zara-ta santua!
      Atzerriak etorri eta zure aurrean
      ahuspeztuko dira,
      zure erabagiak zuzenak
      agertu dira-ta.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Nire ardiek entzungo dabe nire abotsa, eta artalde bakarra izango da, eta artzain bakarra.

 

Jainkoaren hitza

1 Pe 5, 1-4

        Zuen elkarteko buruzagiei, nik, hareen kideko nazan honek, Kristoren nekeen testigu, eta gero agertu behar dauan aintzan partedun nazan honek, hauxe eskatzen deutsuet: zaindu eizue, zuen esku dagoan Jainkoaren artaldea; ez zaindu, ordea, behartuta lez; gogoz baino, Jainkoak nahi dauan lez; ez irabazi zikinari begira ere, hutsean baino; ezta menpekoen jauntxo lez ere, artaldearen eredu izanez baino. Eta, Artzain nagusia agertu daitenean, zimeltzen ez dan aintzazko koroia izango dozue.
 

Galderantzuna 

V/.  Senideak maite izan ditu honek, * herriaren alde otoitz asko egin eban.
R/.  Senideak maite izan ditu honek, * herriaren alde otoitz asko egin eban.

V/.  Eta bere bizia senideekaitik emon eban.
R/.  Herriaren alde otoitz asko egin eban. 

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Senideak maite izan ditu honek, * herriaren alde otoitz asko egin eban.


Magn. ant.
Gizon santuak dira honeik, Jainkoaren adiskideak eta Haren egiaren zabaltzaile ospetsuak.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
      errukia gogoratu jakola;
      gure gurasoei halan eutsen emon berbea,
      Abrahami eta ondorengoei betiko esana.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Gizon santuak dira honeik, Jainkoaren adiskideak eta Haren egiaren zabaltzaile ospetsuak.

 

Eskariak

      Goretsi daigun Kristo, gizadi osoarentzat Jainkoari dagokiozanetan bitarteko egina, eta apaltasunez eskatu deiogun:

Zaindu eizu, Jauna, zure herria.

     —Alkartearen arduradun santu eta argitsuen bitartez, zure Eleiza distiratsu egin dozun Jauna, * egizu, kristau guztiak poztu daitezala Eleiza horren edertasunaz.

     —Moisesen antzeko artzain santuek otoitz egiten eutsuenean, Zuk, Jauna, herriari bere gaiztekeriak parkatzen zeutsazan * garbitu eizu beti zure Eleiza, artzain santuen bitartez.

     —Zure artzain santuak, senideen artetik gantzutu, eta harei zure Espiritua emon deutsezu; * bete eizuz Espiritu Santuaz zure herriaren zuzendariak.

     —Zure artzain santuen ondare egin zinan Zu; * egizu, zure odolaz erosi zenduzanetatik inor ez daitela Zu barik gelditu.

      —Eleiz-artzainen bitartez ardiei betiko bizia eskeintzen deutsezun Jauna, ez daizala inork lapurtu zure eskutik; * salbau, Jauna, hildakoak, zure odolaz erositakoak. 
 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

        Jainko Jauna, Zirilo eta Metodio anaia dohatsuen bidez emon zeutsen Ebanjelioaren argia Eslaboniako jenteei; emoiguzu zure hitza onartzeko grazia, eta egin gaizuz, sinismen beraren autorkuntzan bat egindako herri. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

  

0829_Bateatzailearen martiritza

Agorrilaren 29 BEZPERAK Agurra V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.    Aintza Aitari eta Sem...