26_09

Letrango Eleiza sagaratzea

Zemendiaren 9

BEZPERAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea

Ez dugu baztertuko giltz-harria.

R/. Ez dugu baztertuko giltz-harria.
Zu oinarri
eraikiko dugu hiria.
 

Hiri bat denontzat,
aterpe bera denok,
mundua beteko mahai bat,
ogi bat-bera janari,
maitasun-hizkuntza guztiena:
horra gure itxaropena.
Zatoz, Jesus Jauna!   R/. 

Badatoz bidean gora
munduko leinuak,
hirira datoz.
Beren hizkuntzetan
batasuna dute hotsegiten.
Ez da inor ari:
«Nor haiz? Nungoa?»
Guztiak bait dira pake-seme.   R/.


Salmoak

1 Ant. Goi-goikoaren bizilekua guztiz santua da; Jainkoa dauka haren erdian, ez da kolokatuko.

45 Salmoa

Jainkoa dogu gordeleku eta indar,
      Berak urten deusku estualdian
      laguntzaile bizkor.
      Horregaitik ez gara bildurtuko
      lurrak badau dardar egiten,
      nahiz mendiak badira
      itsas-erdira jausten.
      Harrotu, apartu beitez hango urak,
      dardar egin beie
      haren hasarrez mendiek. 

Gudari-taldeen Jauna gurekin,
      Jakoben Jainkoa
      gaztelu sendo gurekin. 

Ibai-besangek
      alaitzen dabe Jainko-uria,
      Goi-goikoaren
      bizileku guztiz santua.
      Jainkoa dauka erdian,
      ez da kolokatuko,
      argi-txintarekin
      Jainkoak deutso lagunduko.
      Atzerriek deadar egin dabe,
      erreinuek zalaparta,
      Haren berba-hotsez lurrak ikara. 

Gudari-taldeen Jauna gurekin,
      Jakoben Jainkoa
      gaztelu sendo gurekin. 

Zatoze ta ikusi Jaunak eginak,
      lurrean egiten dauzan harrigarriak:
      Harek geldituazoten dauz
      guduak lurrean alderik alde,
      uztaiak xehatu, lantzak apurtu,
      babeskiak kiskaldu. 

«Geldi hor! Jakin eizue
      Jainkoa nazala Ni,
      atzerrien gain
      eta lurraren gain nagusi». 

Gudari-taldeen Jauna gurekin,
      Jakoben Jainkoa
      gaztelu sendo gurekin.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Goi-goikoaren bizilekua guztiz santua da; Jainkoa dauka haren erdian, ez da kolokatuko.

 
2 Ant. Bagoaz pozik Jaunaren etxera.

121 Salmoa

Ha bai poza nirea, esan eustenean:
      «Bagoaz Jaunaren etxera».
      Oraintxe heldu dira gure oinak,
      Jerusalem, zure atarira.

Jerusalen uri lez da jasoa.
      dan-dana batean batua.
      Leinuak, Jaunaren leinuak,
      bertara igoten dabe,
      Israelen lege danez
      Jaunaren izena ospatzera.
      Bertan dago ipinita auzi-mahaia,
      Davideneko mahaia.

Eskatu eizuez Jerusalementzat
      bakerako diranak:
      «Lasai bizi bitez
      Zu maite zaituenak.
      Izan bedi bake zure harresietan,
      lasaitasun zure jauregietan».

Nire anaien eta lagunen aldera,
      hauxe dinot: «bakea zurekin».
      Jaunaren, gure Jainkoaren, etxea
      maite dodalako,
      ondasunak opa ditut zuretzako.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Bagoaz pozik Jaunaren etxera.

 

3 Ant. Goretsi eizue gure Jainkoa Haren santu guztiok.

           Kantika (Ikus Apk 19, 1-7)

Alleluia.
Salbamena, aintza ta indarra gure Jainkoarenak:
(R/. Alleluia)
Haren epaiak egiazkoak eta zuzenak
R/. Alleluia.  (Alleluia)

Alleluia.
Goretsi eizue gure Jainkoa Haren morroi guztiok,
(R/. Alleluia)
txiki eta handi, Haren bildur zarienok.
R/. Alleluia.  (Alleluia)

Alleluia.
Errege izaten hasia da-ta Jauna,
(R/. Alleluia)
gure Jainko aalguztiduna.
R/. Alleluia.  (Alleluia)

Alleluia.
Poztu gaitezan eta alaitu,
(R/. Alleluia)
Bera daigun goratu.
R/. Alleluia.  (Alleluia)

Alleluia.
Heldu dira-ta bildotsaren ezteguak:
(R/. Alleluia)
horra apaindurik Haren emaztegaia.
R/. Alleluia.  (Alleluia)

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Goretsi eizue gure Jainkoa Haren santu guztiok.

 

Jainkoaren hitza

Apk 21, 2-3. 22. 27

      Uri santua ikusi neban —Jerusalem barria—, bere senargaiarentzat apaindutako andregaia lez, zerutik Jainkoagandik jatsiten. Eta oihu handi bat entzun neban aulkitik: Hona hemen, Jainkoaren txabolea gizakien artean; hareen artean bizi izango da. Hareek bere herri izango ditu; eta Jainkoa eurekaz izango da. Ez neban han jauretxerik ikusi; Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa dau bere jauretxe. Han ez da sartuko ezer garbi ez danik, ez sasi-jainko-zalerik, ez guzurtirik; Bildotsaren bizien liburuan euren izena idatzirik daukenak baino ez.
 

Galderantzuna 

V/. Bai dohatsu, Jauna, * zure etxean bizi diranak!
R/. Bai dohatsu, Jauna, * zure etxean bizi diranak!

V/. Jaunak bere oinorde hautatu zaitue.
R/. Zure etxean bizi diranak! 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Bai dohatsu, Jauna, * zure etxean bizi diranak! 


Magn. ant.
Jaunak santu egin dau bere etxea; hauxe da Jainkoaren etxea; hementxe egingo jako dei Haren izenari, honexetaz esan dozu-ta: Hortxe izango da nire izena —dino Jaunak—.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jaunak santu egin dau bere etxea; hauxe da Jainkoaren etxea; hementxe egingo jako dei Haren izenari, honexetaz esan dozu-ta: Hortxe izango da nire izena —dino Jaunak—.

 

Eskariak

      Bihotzez eskatu deiogun gure Salbatzaileari, Jainkoaren seme banatuak batean batzeko bere bizia emon ebanari:

Izan gogoan, Jauna, zure Eleizea.

      —Jesus Jauna, zure etxea harriaren ganean jaso nahi izan dozu: * indartu eizu zure Eleizea, sinismenean eta itxaropenean.

      —Jesus Jauna, zure saihetsetik ura eta odola isuri zendun: * barritu eizu zure Eleizea itun barri eta betikoaren sakramentuez.

      —Jesus Jauna, zure izenean batzen diranen erdian zarana, * entzun batuta dagoan zure Eleizearen otoitza.

      —Jesus Jauna, maite zaituenen bihotzetan Aitagaz batera bizi zarana, * hobetu eizu zure Eleizea maitasunean.

      —Jesus Jauna, Zugana datorrenik inor ez dozu kanpora bialtzen: * hartu eizuz hildako guztiak Aitaren etxean. 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

      Jainko Jauna, harri biziz eta bereziz jasoten dozu zure aintzaren betiko etxea; emoiozuz ugari zure Eleizeari Espiritu Santuaren dohaiak, zure herria Kristoren gorputz lez hazi daiten, eta egunen baten Jerusalem barria izatera heldu. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

  

0829_Bateatzailearen martiritza

Agorrilaren 29 BEZPERAK Agurra V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.    Aintza Aitari eta Sem...