26_09

Maria Birjinaren Sortze Garbia

Gabonilaren 8

BEZPERAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.

Goratzarreak

AMA ZERA TA BIRJINA

Ama zera ta Birjina,

Jesusen Ama Maria;
agur Zuri, agur ta erdi,
sortzetik garbi-garbia.

Egilearen alaba,
ama zaitu Egileak:
zure sabela izan du
sorleku Jainko-Semeak.

Espiritu Santuaren
egitez sortu zenduan:
geroztik dago gurekin
Jainko-Semea munduan.

Jesus sortzean, Harekin
gu ere sortu gintuzun:
ama zaitugu; Jesusek
gurutzetik esan zigun.

Zaitzagun mundu beltzean
gure begientzat izar;
zaitzagun mundu gaiztoan
gure bihotzentzat indar.

Aintza Jaungoiko Aitari,
aintza Seme Jainkoari,
aintza, biokin batean,
Espiritu Santuari. Amen.


Salmoak

1 Ant. Hasarrea sortuko dot zure eta emakumearen artean, zure jatorriaren eta harenaren artean.

112 Salmoa

Jaunaren morroiak, goretsi eizue, 
    Jaunaren izena goretsi eizue.
    Jaunaren izena
    bedeinkatua izan bedi,
    orain eta gizaldiz gizaldi.
    Eguzkia sortu-lekutik sartzen danera,
    goretsia izan bedi Jaunaren izena.

Jauna garai dago herri guztien aldean,
    Haren ospea ortziaren ganean.
    Nor da Jauna,
    gure Jainkoa, hainakorik?
    Goian jesarrita dago;
    eta begia jaitsiten dau
    zeru eta lurreraino.

Jasoten dau dohakabea hautsetatik,
    ataraten behartsua sats artetik;
    jesarriazo daian nagusiekin,
    bere herriaren nagusiekin.
    Agor zana biziazoten dau etxean,
    seme-alaben ama eginik pozetan. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Hasarrea sortuko dot zure eta emakumearen artean, zure jatorriaren eta harenaren artean. 

 
2 Ant. Osasun-soinekoz jantzi nau Jaunak, eta garaipen-estalkiz apaindu.

147  Salmoa

Jerusalem, ospatu eizu Jauna,
    Sion, goretsi eizu zure Jainkoa.
    Zure ateen sarrailak
—indartu ditu-ta,
—zure seme-alabak zure barruan
—bedeinkatu ditu.
    Zure mugetan bakea ezarri dau-ta,
—gari-maminez asetu zaitu.

Bialtzen dau lurrera bere berbea,
    eta Haren hitza bizkor eta arin doa.
    Emoten dau edurra ardi-ulea lez,
    zabaltzen dau antzigarra
    hautsa lez.

Ogi-apurraren antzera
—jaurtitzen dau bere izotza:
—Nork jasan daike haren hotza?
    Bialtzen dau bere hitza,
—eta harekin urtu egiten dira,
—bere haizeari eraginez
—urak isurika doaz.

Iragarri deutso bere hitza Jakobi,
—bere erabagi eta aginduak Israeli.
    Ez deutso egin holakorik beste herriri,
—bere aginduak
—ez deutsoz agertu beste inori.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Osasun-soinekoz jantzi nau Jaunak, eta garaipen-estalkiz apaindu.

 

3 Ant. Poztu zaitez, Maria, graziaz bete hori: Jauna zurekin.

         Kantika Ef 1, 3-10

Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,
      Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
      Espirituaren era guztietako
      bedeinkapenez,
      zeruan Kristogan
      bedeinkatu gaituana.

Harengan aukeratu ginduzan-eta,
      mundua sortu baino lehen,
      bere aurrean, maitasunez,
      santu eta errugabe izan gaitezan.

Aurrez aukeratu ginduzan
      bere seme-alaba-orde izateko,
      Jesu Kristoren bidez,
      bere nahiaren onberatasunez;
      bere Seme maiteagan
      hain ugari emon deuskun
      graziaren aintzak
      Bera gorespenez bete daian.

Seme honengan,
      bere odolaz dogu erospena,
      eta pekatuen parkamena;
      halakoa izan da
      Haren grazia-aberastasuna.
      Oparo isuri deusku-ta bere grazia
      ezaguera osoz eta jakituriaz:

bere nahiaren misterioa
      ezagutuazo deusku,
      bere onginahiez erabagita eukana,
      garaia etortean beteko ebana.
      Zeruko eta lurreko gauza guztiak
      Kristogan batuko dituala,
      Berau buru dala.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
     eta amaibako egunetan. Amen.  

Ant. Poztu zaitez, Maria, graziaz bete hori: Jauna zurekin.
 

Jainkoaren hitza

Erm 8, 29a. 30

      Jainkoak ezagutu ebazanak aukeratu ere egin ebazan, bere Semearen irudiko izan eitezan. Aurrez aukeratu ebazanak, deitu ere egin ebazan; deituei, barriz, bere zuzentasuna emon eutsen.
 

Galderantzuna 

V/.   Goretsiko zaitut, Jauna, * onik atara nozulako.
R/.   Goretsiko zaitut, Jauna, * onik atara nozulako.

V/.    Arerioei nitaz poztutzen itzi ez deutsezulako.
R/.    Onik atara nozulako. 

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Goretsiko zaitut, Jauna, * onik atara nozulako.


Magn. ant.
Dohatsu deituko nabe gizaldi guztiek, Ahalguztidunak handiak egin deustazalako, alleluia.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
      errukia gogoratu jakola;
      gure gurasoei halan eutsen emon berbea,
      Abrahami eta ondorengoei betiko esana.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Dohatsu deituko nabe gizaldi guztiek, Ahalguztidunak handiak egin deustazalako, alleluia.

 

Eskariak

      Goretsi daigun Jainkoa, Aita ahalguztiduna; eta Maria, Haren Semearen ama, gizaldi guztiek goraltzea nahi izan dau-ta, egin deiogun otoitz, esanez:

Graziaz beteak egin bei otoitz gure alde.

      —Jainko mirarigile, Maria guztiz garbiak zeruan gorputz eta arimaz Kristoren aintzan parte izatea nahi izan dozun Horrek, * zuzendu eizuz aintza beratara zure seme-alabon bihotzak.

      —Maria gure ama egin dozun Jauna, emon haren bitartez, gaixoei osasuna, nahigabetuei alaitasuna, pekatariei parkamena, * eta guztiei salbazinoa eta bakea ugari.

      —Maria errukizko Ama egin dozun Jauna, * izan daigula Haren laguntza arriskuetan aurkitzen garanean.

         —Mariari Jesusen eta Joseren etxean ama izateko eginkizuna emon zeutsan Jauna, * egizu, ama guztiak, Harek lagunduta, euren etxeetan maitasuna eta santutasuna gehitzen ahalegindu daitezala.

         —Mariari erregina-koroia emon zeutsan Jauna, * egizu, gure hildakoak beti izan daitezala zoriontsu zeruan santu guztien artean.
 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

        Jainko Jauna, Maria Birjinaren Sortze Garbiaz, egoitza egokia prestatu zeutsan zure Semeari, eta Semearen heriotzatik etorren graziari esker, pekatu guztietatik gorde zenduan ama; egizu, Maria Birjinaren otoitzez, gu Zugana garbi heldu gaitezala. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

  

0829_Bateatzailearen martiritza

Agorrilaren 29 BEZPERAK Agurra V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.    Aintza Aitari eta Sem...