26_09

0731_San Ignazio I

Garagarrilaren 31

I. BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea

JESU KRISTO

Jesukristo denak baino

zenuen zuk maiteago:

Haren alde hiltzeraino

egun oroz eman gogo.

 

Kristok duen maitasuna

bait zeneukan bihotzean,

ageri zen zein den ona

zu bizitzen ikustean.

 

Zenbat otoitz eta gudu

egin duzun Kristorekin,

berri ona munduz mundu

zabal eta finka dadin.

 

Jainkoaren nahiari

atxikia zinabiltzan,

Kristo denen zerbitzari

zugan dadin orain izan.

 

Dena fede, dena bihotz,

dena zinen Jaunarena:

ez zeneukan sekulan hotz

entzutean jendeen pena.

 

Sinisteaz joan zaren

zeru hartan egin kantu:

Espiritu Santuaren

garrak zaitu Jainkoratu.

 

Ospe Zuri, Jainko Aita!

Agur, ospe, Kristo Jauna!

Barneko Suz gu pitz eta

gaiten denak Zuengana.

 
Salmoak

1 Ant. Goretsi daigun Jauna, gure Jainkoa; Bera gurtu daigun eta zerbidu.

112 Salmoa

Jaunaren morroiak, goretsi eizue, 
    Jaunaren izena goretsi eizue.
    Jaunaren izena
    bedeinkatua izan bedi,
    orain eta gizaldiz gizaldi.
    Eguzkia sortu-lekutik sartzen danera,
    goretsia izan bedi Jaunaren izena.

Jauna garai dago herri guztien aldean,
    Haren ospea ortziaren ganean.
    Nor da Jauna,
    gure Jainkoa, hainakorik?
    Goian jesarrita dago;
    eta begia jaitsiten dau
    zeru eta lurreraino.

Jasoten dau dohakabea hautsetatik,
    ataraten behartsua sats artetik;
    jesarriazo daian nagusiekin,
    bere herriaren nagusiekin.
    Agor zana biziazoten dau etxean,
    seme-alaben ama eginik pozetan. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Goretsi daigun Jauna, gure Jainkoa; Bera gurtu daigun eta zerbidu.

 

2 Ant. Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia hondatzen badau?

145 Salmoa

Goretsi eizu Jauna, ene barrua,
     goretsiko dot Jauna bizi nazan artean,
     eresi egingo deutsat Jainkoari ni nazan artean.

Itxaropenik ez ipini nagusiengan,
     salbamenik ez dakarren gizonagan.
     Arnasa galtzean hauts bihurtuko da,
     orduan desegingo dira haren asmoak.

Bai dohatsu, Jakoben Jainkoa lagun dauana,
     Jaunagan, bere Jainkoagan, uste on jarri dauana.
     Bera da, zerua ta lurra,
     itsasoa eta han dagozan guztiak egin dauzana.

Leiala da betiren beti,
     emoten deutse, eskubidea zapalduei,
     ogia, gose diranei.

Atxilotuak Jaunak askatzen ditu,
     itsuen begiak Jaunak argitzen ditu.
     Konkor dagozanak Jaunak dauz zutunduazoten,
     zintzoak Jaunak ditu maitatzen.

Arrotzak Jaunak ditu zaintzen,
     umezurtz eta alargunak laguntzen,
     eta gaiztoen asmoak eragozten.

Errege izango da Jauna sekuletan,
     zure Jainkoa, Sion, menderen mendeetan.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
   Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia hondatzen badau?

 

3 Ant. Eskerrak Jaunari, gure Jainkoari, bizia emon deuskulako.

         Kantika Ef 1, 3-10

Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,
      Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
      Espirituaren era guztietako
      bedeinkapenez,
      zeruan Kristogan
      bedeinkatu gaituana.

Harengan aukeratu ginduzan-eta,
      mundua sortu baino lehen,
      bere aurrean, maitasunez,
      santu eta errugabe izan gaitezan.

Aurrez aukeratu ginduzan
      bere seme-alaba-orde izateko,
      Jesu Kristoren bidez,
      bere nahiaren onberatasunez;
      bere Seme maiteagan
      hain ugari emon deuskun
      graziaren aintzak
      Bera gorespenez bete daian.

Seme honengan,
      bere odolaz dogu erospena,
      eta pekatuen parkamena;
      halakoa izan da
      Haren grazia-aberastasuna.
      Oparo isuri deusku-ta bere grazia
      ezaguera osoz eta jakituriaz:

bere nahiaren misterioa
      ezagutuazo deusku,
      bere onginahiez erabagita eukana,
      garaia etortean beteko ebana.
      Zeruko eta lurreko gauza guztiak
      Kristogan batuko dituala,
      Berau buru dala.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
     eta amaibako egunetan. Amen

Ant. Eskerrak Jaunari, gure Jainkoari, bizia emon deuskulako.

 

Jainkoaren hitza

Erm 11, 33-36

         Bai handia Jainkoaren esku-zabala, jakituria eta ezaguerea! Bai ezin-aztertuak Haren erabagiak, eta ezin-ezagutuak Haren bideak! Nork ezagutu ditu inoiz Jaunaren asmoak? Nor izan da Haren kontsejatzaile? Nork emon deutso Berari lehenengo, Berak gero bihurtzekotan? Harengandik dira gauza guztiak, Haren bidez eta Harentzat. Berari aintza gizaldietan. Amen.

 

Galderantzuna 

V/. Bedeinkatu daiguzan Aita, eta Semea, eta Espiritu Santua. * Goretsi daiguzan gizaldietan.
R/. Bedeinkatu daiguzan Aita, eta Semea, eta Espiritu Santua. * Goretsi daiguzan gizaldietan.

V/. Jainko bakarrari aintza eta omena.
R/. Goretsi daiguzan gizaldietan. 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Bedeinkatu daiguzan Aita, eta Semea, eta Espiritu Santua. * Goretsi daiguzan gizaldietan. 


Magn. ant.
Inazio doneak asmo bakar bat izan eban: Jainkoa gero ta hobeto zerbitzea ta gorestea; gauza guztiak Jainkoaren aintzarik handienerako zuzendu ebazan.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
      errukia gogoratu jakola;
      gure gurasoei halan eutsen emon berbea,
      Abrahami eta ondorengoei betiko esana.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Inazio doneak asmo bakar bat izan eban: Jainkoa gero ta hobeto zerbitzea ta gorestea; gauza guztiak Jainkoaren aintzarik handienerako zuzendu ebazan.

 

Eskariak

        Jainko gure Salbatzaile, zure zerbitzari zintzo San Inazioren eguna ospatzean, entzun eizuz gure eskariak:

Hain handi eta eder zaitugulako.

         —Jainko gure Salbatzaile, egizu, gizaki guztiek ezagutu zaiezala, batez ere behartsuek eta gaixo, nekeetan edo baztertuak aurkitzen diranek: Hain handi...

         —Jainko gure Salbatzaile, agertu zakioz munduari Eleizaren bitartez: ...

         —Jainko gure Salbatzaile, gozatu eizuz zure maitasunez gizon-emakumeen hartu-emonak: munduko nazino-artekoak, bizibide eta langintza guztietako gizakien artekoak, eta batez ere familia artekoak: ...

         —Jainko gure Salbatzaile, erabili eizu gure zerbitzua gizakien salbazinorako: ...

         —Jainko gure Salbatzaile, eroan eizuz betiko zorionera hildako gure senide guztiak: ...

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

        Jainko Jauna, zure izenaren aintza gero ta gehiago zabaltzeko emon zeutson Eleizeari, Loiolako Inazio apaiz santua; iguzu, ha lagun eta ejenplu dogula gudukaturik lur honetan, haregaz parte izan daigula zeruko zorionean. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

  

0829_Bateatzailearen martiritza

Agorrilaren 29 BEZPERAK Agurra V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.    Aintza Aitari eta Sem...