26_09

0611_S. Bernabe, apostolua

Bagilaren 11

BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea

R/.   Kristo berpiztuaren lekuko zaretenok, 
        zaindu Jainko-herria
        fedean eta batasunean.

Gure fedea eri denean,
nora jo, zuengana ezik?
Zuek zaituztegu lekuko eta zaintzaile.
Zuek hotsegin duzue askatasunez
hasieran bazena,
zeuron begiz ikusia,
eta zeuron eskuz ukitua:
Biziaren hitza.

Gure kezkak eta esperantzak,
non bakerik, zuengan ezik?
Zuek zaituztegu Elizaren oinarri,
zuek ikusi duzue berbiztua den Jauna,
zuek entzun Espiritua,
suz eta hitzez azaltzen
Kristoren misterioa,
betidanik Jainkoarengan
ezkutu zegoen misterioa.

 
Salmoak

1 Ant. Zuek Neugaz iraun dozue, nire estualdietan.

115 Salmoa

«Ni bai dohakabe» ninoan arren, 
    baneukan itxaropen.
    Hauxe esan neban nire larrialdian:
    «Gizaki guztiak dira guzurtiak».

Zer bihurtuko deutsat Jaunari,
    emon deustazan guztiekaitik?
    Salbazino-edontzia dot hartuko,
    eta Jaunaren izena deituko.

Emongo deutsadaz Jaunari
    zin egindakoak,
    herri guztia begira dagoala.

Jaunaren begietan balio handikoa
    Haren zintzoen heriotza.
    Zure morroi nozu ni, Jauna,
    zure morroi eta
    zure neskamearen semea,
    askatu dozuz nire kateak.

Eskeiniko deutsut gorets-oparia,
    deituko dot, Jauna, zure izena.
    Emongo deutsadaz Jaunari
    zin egindakoak,
    herri guztia begira dagoala.
    Jaunaren etxeko atarian,
    Jerusalem, zure erdian. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zuek Neugaz iraun dozue, nire estualdietan.

 

2 Ant. Ni zuen artean zerbitzari lez nago.

125 Salmoa

Jaunak Siongo atxilotuak
      erakartzean,
      ametsetan lez gengozan.
      Orduan ahoa barrez bete jakun,
      gure mihina goratzarrez.

Atzerrietan, orduan, esan eben:
      «Jauna handikiro jokatu jake».
      Gugaz handikiro jokatu dau Jaunak:
      Hau da poza daukaguna!

Bihurtu eizu, Jauna, gure zoria,
      Negebeko erreka-urak lez.
      Negarretan erein baeben,
      pozez batuko dabe.

Arunzkoan han joiazan negarrez,
      ereiteko gari-zorroa eroanez.
      Pozik etorriko dira onuzkoan,
      gari-balak eskuan.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Ni zuen artean zerbitzari lez nago.

 

3 Ant. Orain ez deutsuet morroi esaten, nire adiskide baino, Aitagandik ikasi dodan guztia jakinazo deutsuet-eta zuei.

         Kantika Ef 1, 3-10

Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,
      Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
      Espirituaren era guztietako
      bedeinkapenez,
      zeruan Kristogan
      bedeinkatu gaituana.

Harengan aukeratu ginduzan-eta,
      mundua sortu baino lehen,
      bere aurrean, maitasunez,
      santu eta errugabe izan gaitezan.

Aurrez aukeratu ginduzan
      bere seme-alaba-orde izateko,
      Jesu Kristoren bidez,
      bere nahiaren onberatasunez;
      bere Seme maiteagan
      hain ugari emon deuskun
      graziaren aintzak
      Bera gorespenez bete daian.

Seme honengan,
      bere odolaz dogu erospena,
      eta pekatuen parkamena;
      halakoa izan da
      Haren grazia-aberastasuna.
      Oparo isuri deusku-ta bere grazia
      ezaguera osoz eta jakituriaz:

bere nahiaren misterioa
      ezagutuazo deusku,
      bere onginahiez erabagita eukana,
      garaia etortean beteko ebana.
      Zeruko eta lurreko gauza guztiak
      Kristogan batuko dituala,
      Berau buru dala.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
     eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Orain ez deutsuet morroi esaten, nire adiskide baino, Aitagandik ikasi dodan guztia jakinazo deutsuet-eta zuei. 

 

Jainkoaren hitza

Kol 1, 3b-6a

      Gure otoitzetan beti dihardugu eskerrak emoten Jainkoari, Jesu Kristo gure Jaunaren Aitari, izan dogu-ta Jesu Kristogan dozuen fedearen, eta fededun guztientzat dozuen maitasunaren barri. Jainkoak zeruetan zuentzat gordeta daukanaren itxaropenak indar emoten deutsue horretarako: zuengana barri ona, egiaren barria, lehenengo aldiz etorri zanetik ezagutzen dozuen itxaropenak. Barri on hori handitzen doa lur osoan eta frutu emoten.

 

Galderantzuna 

         Urtean zehar

V/. Zabaldu Jaunaren ospea * atzerrietan.
R/. Zabaldu Jaunaren ospea * atzerrietan.

V/. Haren mirariak herri guztietan.
R/. Atzerrietan. 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Zabaldu Jaunaren ospea * atzerrietan.


         Pazkoaldian

V/. Zabaldu Jaunaren ospea atzerrietan. * Alleluia, Alleluia.
R/. Zabaldu Jaunaren ospea atzerrietan. * Alleluia, Alleluia.

V/. Haren mirariak herri guztietan.
R/.  Alleluia, Alleluia. 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Zabaldu Jaunaren ospea atzerrietan. * Alleluia, Alleluia.

 


Magn. ant.
Jendetza guztia isilik gelditu zan, Bernabe eta Paulori entzuteko; eta honeek Jainkoaren graziaz jentilen artean egindako ezaugarriak eta mirariak agertu eutseezan. (Alleluia).

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jendetza guztia isilik gelditu zan, Bernabe eta Paulori entzuteko; eta honeek Jainkoaren graziaz jentilen artean egindako ezaugarriak eta mirariak agertu eutseezan. (Alleluia).

 

Eskariak

      Egin deiogun otoitz argien Aita dan Jainkoari, Harek barri onaren bitartez deitu gaitu-ta, sinismenaren argira, eta bere herriaren alde otoitz egin deiogun, esanez:

Izan gogoan, Jauna, zure Eleiza.

      —Zuk, Jauna, Artzain handia dan, zure Semea hilen artetik atara zenduan; * egizu, Haren autorle izan gaitezala lurraren azken-mugaraino.

      —Zuk, Jauna, zure Semea bialdu zenduan behartsuei barri ona emotera; * lagundu eiguzu, Ebanjelioa izaki guztiei iragarten.

      —Zuk, Jauna, zeure Semea bialdu zenduan hitzaren hazia ereitera: * emoiguzu, hitza neke artean ereiten dihardugunoi, pozetan jasotea uzta.

      —Zuk, Jauna, zeure Semea bialdu zenduan mundua bere odolaz adiskidetzera Zurekin: * egizu, guztiok guztiokin adiskidetzen ahalegindu gaitezala.

      —Zuk, Jauna, zure Semea zeruetan zure eskoi aldean ipini zenduan: * hartu eizuz hildakoak zorionaren erreinuan.

 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

      Jainko Jauna, Zuk bereiztuazo egin zenduan Bernabe apostolu santua, fede-gizona eta Espiritu Santuaz betea, jentilei salbazinoaren barri ona eroateko; egizu, harek bildurrik barik iragarri eban Jesu Kristoren Ebanjelioa, zure Eleizak ere zintzotasunez zabaldu daiala orain hitzez eta egitez. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

  

0829_Bateatzailearen martiritza

Agorrilaren 29 BEZPERAK Agurra V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.    Aintza Aitari eta Sem...