26_09

0319_San Jose Dohatsua

Epailaren 19

II. BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea

Kristo berbiztuaren  ⁄⁄ Espiritu-baitan,
zer familia dugun osatzen Elizan!

Esker onezko kantuz /  dezaiogun ekin,
Zuk emanikan dugu, / bizia gurekin;
Zuk diozu lurrari / errotik eragin,
Zuk diguzu mundua / bihurtu atsegin.

Denok gabiltza, Jauna, / lanean pozturik,
senitarte zintzoan / ongi elkarturik;
ez dezagun jadanik / sesio-biderik
Kristo-baitan berpiztu / geranez geroztik.

Lurralde hontan, Jauna, / izan gaitezen gu
herri berria eta / erresuma santu,
berritu den munduko / apaiz ta testigu,
gizonentzako zure / argi distiratsu.

 
Salmoak

1 Ant. Gurasoek jauretxean aurkitu eben Jesus, irakasleen erdian jesarrita, harei entzuten eta itaunka (Alleluia).

14 Salmoa

Jauna, nor dagoke zure txabolan?
      Nor bizi daiteke
      zure mendi santuan? 

      Akatsik barik eta zintzo dabilana,
      bere artean egia dinoana;
      mihinez inor bezten ez dauana,
      hurkoari txarrik egiten ez deutsona,
      auzokoa lotsagarri izten ez dauana;

gaiztoari esker txarra emoten deutsona,
      Jainko-bildur dana
      ospatzen dauana;
      bere kaltetan zin eginik ere
      aldatzen ez dana,
      dirua irabazitan emoten ez dauana,
      erru bakoaren aurka
      eskupekorik hartzen ez dauana.

Honeek egiten dituana,
      ez da kolokatuko sekulan.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Gurasoek jauretxean aurkitu eben Jesus, irakasleen erdian jesarrita, harei entzuten eta itaunka (Alleluia).
 

2 Ant. Amak hauxe esan eutson: Seme, baina zergatik egin deuskuzu hori? Horra zelango atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila! (Alleluia).

111 Salmoa

Dohatsu, Jaunaren bildur dan gizona,
      Haren aginduak oso maite dituana.
      Ahaltsu izango da lurrean haren hazia,
      zintzoen ondorengoa onetsia.

Haren etxean onak eta ondasunak,
      beti iraungo dau haren zabaltasunak.
      Zintzoentzat ilunpetan argia lez sortzen da:
      onbera da, errukitsua ta zuzena.

Zorionekoa, errukitu eta emon
      egiten dauan gizona,
      bere gauzak
      zuzen atontzen dituana.
      Ez da koloka ibiliko behin ere,
      haretaz gogoratzeak iraungo dau beti ere.

Barri txarrak ez dau bildurtzen,
      bizkor dau bihotza
      Jaunagan itxaroten.
      Sendo dauka bihotza, bildurrik barik,
      bere etsaiak lotsaz ikusi arte.

Zabaltzen deutse eta emoten behartsuei,
      beti irautekoa da
      haren esku-zabala,
      ospez jagiko da haren ahalmena.

Hau ikusiz gaiztoa sumindu egingo da,
      haginen karraskaz agortuko,
      gaiztoen guraria ez da jazoko.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Amak hauxe esan eutson: Seme, baina zergatik egin deuskuzu hori? Horra zelango atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila! (Alleluia).
 

3 Ant. Jesus Nazaretera jatsi zan hareekin; eta euren menpean jarraitu eban (Alleluia).

           Kantika:   Apk 15, 3-4

Jauna, Jainko ahalguztiduna,
      Handiak eta harrigarriak dira
      Zuk eginak!
      Atzerrien errege,
      zuzenak eta egiazkoak
      zure bideak!

Nor ez da izango zure bildur, Jauna?
      Nork ez dau goretsiko zure izena?
      Zeu baino ez zara-ta santua!
      Atzerriak etorri eta zure aurrean
      ahuspeztuko dira,
      zure erabagiak zuzenak
      agertu dira-ta.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Jesus Nazaretera jatsi zan hareekin; eta euren menpean jarraitu eban (Alleluia).
 

Jainkoaren hitza

Kol 3, 23-24

        Egiten dozuena, egin gogoz, Jaunarentzat balitz lez eta ez gizakientzat; jakinik, Jainkoagandik hartuko dozuela saria, hau da, ondarea. Izan zaiteze Kristo Jaunaren zerbitzari.
 

Galderantzuna 

V/.  Zintzoa lilia lez * erneko da.
R/.  Zintzoa lilia lez * erneko da.

V/.  Eta atergabe loratuko da Jaunaren aurrean.
R/.  Erneko da. 

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Zintzoa lilia lez * erneko da.


Magn. ant.
Jesusek, hogeita hamarren bat urte ebazan, eta jendeak uste ebanez Joseren semea zan (Alleluia).

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jesusek, hogeita hamarren bat urte ebazan, eta jendeak uste ebanez Joseren semea zan (Alleluia).
 

Eskariak

      Jaunagandik dator aita-izate guztia zeru-lurretan; eskatu deiogun, esanez:

Zeruetan zaran gure Aita, entzun gaizuz.

      —Aita guztiz santu, betirik ezkutuan egoan Kristoren misterioa, Jose Santuari azaldu zeutsana, * iguzu, Jainko eta gizon dan zure Semea hobeto ezagutu daigula.

         —Zeruko Aita, eguratseko hegaztiak bazkatzen eta soloko bedarrak jazten dozuzana, * emon gizon-emakume guztiei, eguneroko eta zeruetako ogia.

         —Guztien egile izanik, zure egitekoa geure eskuetan itzi dozun Jainko Horrek, * emon langile guztiei, euren lanaren ondorioa gozatzea.

         —Zuzentasun guztiaren Jainko, guztiok zuzenak izatea nahi dozu; * egizu, Jose dohatsua lagun, gauza guztietan zure gogoko izan gaitezala.

         —Jainko Aita, zure Semearen bitartez, Beraren ama Maria eta Jose dohatsuaren bitartez, * emon zure errukia hil-zorian dagozanei eta hildakoei.
 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

        Jainko ahalguztiduna, gizadi barriaren hasieran, Kristo Salbatzailearen zaintzaile leial egin zenduan Jose santua; egizu, honen otoitzez, Eleizeak ere leial zaindu daiala Jesu Kristoren salbazino-misterioa, eta bere betera eroan. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

  

0829_Bateatzailearen martiritza

Agorrilaren 29 BEZPERAK Agurra V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.    Aintza Aitari eta Sem...